sozioekonomia

Baztango Sozioekonomiaren azterketa (14 orri )

Sarrera eta testuingurua (kokapen laburra)

Demografia:
Baztan Nafarroako udalerri handiena da. 376,8 km2 zabalera du. Ditugun datuen arabera 8127 lagun bizi gara, 15 herrietan. Azken urteetan bizi lagunen kopuruak gora egin badu ere oraindik ez da itzuli adibidez 1975an zituen 8797 bizilagunen kopurura. Beraz ezin da pentsatu galera demografikoari buelta eman zaionik. Jakinik gainera krisi garaian murgilduta gaudela eta oraindik makurrena posible dela etortzeke izatea, orain arte aipatzen genuen galera demografikoaren mehatxua gain-gainean dugula pentsatzen segi genezake.

errepideak:
N121B dugu errepide nagusia. N121Ako hobekuntzak Almandoz herria, Baztango mugan zegoena, are bereziago utzi zuen. Hortaz gain errepide horretatik aparte xamar gelditzen diren herriak dira Basaburuakoak. Iruritara dute hauek beren aterabide naturala. Irurita-Elizondo-Elbeteko sahiesbidea ere egiten ari dira eta ikusi beharko da honen ondorioak, batez ere inguruan dituen herrietan.

Zerbitzuak:
Baztan mailan Elizondori buruzko menpekotasuna ia erabateko da. Zerbitzu gehienak Elizondon daude: saltokiak, bankuak, albaitariak, liburutegia, udaletxea, igerilekua, bigarren mailako ikastetxeak, musika eskola…. Beraz, alde batetik zerbitzu gehienak Elizondon daude, eta, bertzetik, Elizondorat mugitzeko modu bakarra auto pribatuaren bidez da, Baztan barnean ez dago garraio publiko kolektiborik.

langabezia:
 Langabetuen kopurua da aipatu beharreko bertze kontuetako bat. Azken 5 urteetan bikoiztu egin baita eta eraikuntzan dagoen krisia hondoa jo ez duenez erne beharko dugu egon honen ondorioak azaltzeko. Dena dela datuak beldurgarriak dira orokorrean eta kupida gabe jotzen dute sektore, sexo eta adin guztietan. Hori bai ezin ahaztu batzuk, eta batez ere emakumeak, prekarietatearen egoera bereziki pairatzen dutela. (hemen azken 5urteotako datuak)

Jarduera ekonomikoa:
Industria. Baztanen enplegua sortzen duen industria mota lantegi ttikiak dira: bertan bizi eta lan egiteko aukera eskaintzen dutenak. Baztango ezaugarriak kontutan izanik ( geografikoak, demografikoak, ingurugirokoak...) enpresa handien bideragarritasuna zalantzan jartzen ahal da. Erran bezala, bertako enpresak ttikiak dira. Batez ere agroalimentarioak, zurgintzakoak, eraikuntzakoak... Azken hauek krisiak poliki jota. Ondorioz gaur egun Benito Menni da Baztanen langile gehien dituen enpresak, ondotik Fco Javier Iriarte zahar-etxeak eta ziurrenik Udala izanen da langile kopuruen aldetik Baztango hirugarren enpresarik handiena.

Nekazaritza. Guti goiti beheiti 500 baserri dira Baztanen, 230en bat ATP edo nekazari profesional daude. Kontutan harturik zenbait baserritan ATP bat baino gehiago izan daitezkeela nabaria da baserri gehienak denbora pasarako, autokontsumorako, bigarren jarduera gisako edo jubilatuen eskuetan direla. Maiz erran izan da Baztango populazioa nekazaritzatik bizi dela gehien bat. Egiaztapen hori zalantzan jartzeko moduan gaude gaur egun.

Komertzioa. Saltoki handiek, pixkanaka bada ere, botika ttikiek jaten dituzte. Azken hauen egoera latza da. Kasu batzuetan autoesplotaziora ailegatzen direlarik. Idatzi berri diren LAPetan helburuetako bat bezala Dantxarineako ‘fenomenoa’ Baztaneraino ekartzea aipatzen da. BERTAN elkartearen lana ezinbertzekoa da bezeroen fideltasuna lortzeko. Sektore honetan langileen baldintzak eskaxak dire eta ordu aunitz kotizatu gabe egiten dituzte.

Turismoa. Baztango turismoak dirua ematen du. Kasurik apalenean etxeko diru sarreren osagarri inportantea izanik. Infraestruktura egokiak daude turismoari begira. Hobeto estrukturatuta ez egotea kritikatzen da. Eta kritika hau kasu batzuetan egia bada ere, bertze kasutan turismoko enpresa handien beharretara egokitzeko aitzakia bertzerik ez da.
Baztango Sozioekonomiaren azterketa (14 orri )