euskara

Baztango Euskararen Diagnostikoa (26 orri)



SARRERA

Ondorengo orrietan aurkituko duzuena Baztango euskararen diagnostikoa da. Euskara komunikatzeko tresna izanik, alor guztietan ageri den zeharkako gaia da, hortaz, atal desberdinetan banatua agertuko da diagnostiko honetan, edozein tokitarat joaten garelarik ere euskarak zein leku duen ikusteko. Diagnosi bat egiteko beharrezkoa da egoera islatzen duten hainbat datu orokor aztertzea, datu horiei esker jakinen baitugu gure hizkuntzak gaur egun duen egoera eta azken urte hauetan izan duen bilakaera. Alta, guztia agertzea ezinezkoa izanen denez, edozein baztandarren ekarpenak eskertzekoak izanen dira.

2003an LKS-k egin zuen euskararen diagnosiak argi utzi zuen Baztanen %80 euskalduna zela, baina euskarak ez zuela bere tokia gizartearen alor guztietan: kirol, aisialdi eta eskolaz kanpoko arloetan euskara erabiltzeko aukera handirik ematen ez zuten zerbitzu eta eskaintzak zeudela. Lan eta enpresa munduan ere hutsune handiak zeudela batez ere idatzian, Administrazioan ezinbertzekoa zela euskarazko euskarriak izatea eta kontratazioetan euskara jakitea kontuan hartzea… hau guztia eta gehiago ageri da 2003ko diagnosi hartan. 2011.urtean Ezker Abertzaleak egin duen diagnosi honetan gauzak ez direla anitz aldatu ikusiko dugu, euskara ofiziala den eremu honetan oraindik ere erdara nagusitzen baita eremu desberdinetan.

Bertzalde, eta Baztango euskararen diagnostikoa izaki, aurten 25 urte betetzen dituen Vascuencearen edo Euskararen Lege baztertzailea aipatu gabe ez dugu uzten ahal, lege honek euskara bigarren mailan paratzeaz gain, Nafarroa hiru eremu desberdinetan banatzen baitu: eremu euskalduna –zona vascofona izenaz ezagunagoa dena- eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna. Nafarroako Gobernuak egindako lege honen arabera, Baztan eskualde euskalduna deiturikoan dago; baina, zer erran nahi du edo zer ondorio ditu Baztan eremu euskalduna deiturikoan egoteak? Ba… gaztelaniarekin batera, euskara ere ofíziala dela, hortaz, gaztelaniak dituen eremu guzti-guztietan euskara ere egotea beharrezkoa dela, hots, euskara alor guztietan erabiltzeko eskubidea dugula.

Lege honek ordea, ez du gure hizkuntza nafar guztien ondare kulturaltako hartzen eta, horren ondorioz, nafar guztiok ez ditugu eskubide berak euskarari dagokionez. Hizkuntzaren araberako zatiketa hau dela eta, hizkuntza eskubideak ez zaizkio aitortzen nafar bakoitzari nafarra izateagatik, momentu bakoitzean, bizitokia kokatzen duen lekuaren arabera baizik. Hortaz, baztandar bati Baztanen dagoelarik aitortzen zaizkion hizkuntza eskubideak desagertu egiten dira Tafallatik beheiti joaten delarik, eta alderantziz.


Baztango Euskararen Diagnostikoa (26 orri)